Albisteak

 

BiscayApp Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK Fundazioaren lehiaketa bat da, eta gizartean teknologia berrien erabilera sustatzea du xede. Lehiaketa zabalik dago enpresa-arloan sortutako aplikazioen proiektuetara edo, orobat, pertsona jakin-nahiek eta sortzaileek sortutako horietara.

Partikularrek, enpresek eta taldeek parte har dezakete lehiaketan. BiscayApp lehiaketan parte hartzeko baldintza nagusiak dira, alde batetik, 18 urtetik gorakoa izatea eta, bestetik, aplikazioa –edo aplikazioaren ideia– ondoko kategorietako batera egokitzea: Silver Economy, Data Intelligence, Energia eta Manufaktura aurreratua.

Izena emateko epea 2018ko ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Sariak eskudirutan
Hautagai diren aplikazioak proiektuan, garatze-bidean edo jardunean egon daitezke. Hiru kasuetan, jatorrizko ideia izango da, hala maila teorikoan badago, nola garapen teknologikoa eginda badago.

Sari nagusia 10.000 €-koa izango da eta, gero, BEAZ, SEED CAPITAL eta BiscayTIK Fundazioaren laguntza izango du app-a negozio bilakatzeko. Kategoria bakoitzeko proiektu irabazleek 2.000 €-ko saria jasoko dute.

BiscayApp sarietako kategoriak
Adituen epaimahaiak ebaluatuko ditu app-ak, eta, horretarako, irizpide hauek hartuko ditu aintzat: berrikuntza-maila, erabilgarritasuna, diseinua eta merkaturatzeko aukerak. Hona hemen kategoriak:

  • Silver economy

Zilarrezko ekonomia, adinekoen sektoretik sortutako aukerak lantzen dituena. Arlo familiarrean edo profesionalean azaldutako edozein ideia izan daiteke hautagai perfektua kategoria honetarako.

Esku artean bueltaka duzun aplikazioarekin, aisialdi aktiboagoa izateko bide eman nahi badiezu adinekoei, laguntza-arloan moldatzen bazara eta app-aren ideia bat baduzu, edo tresna originala duen enpresa bat bazara, hemen izan dezakezu aukera hori benetan gauzatzeko.

  • Data Intelligence

Data Intelligence edo datuen analisia informazio erabilgarria lortzeko etorkizuneko joera bat da, eta gero eta garrantzi handiagoa du, funtsezko gako bilakatzen ari da sektore askotan.

Datuen analisia erabilgarria da korporazio handientzat, bai eta egunerokoak diren baina, era berean, beharrezkoak diren zenbait erabileratarako.

Izan ere, arlo profesional eta eguneroko bizitzako esparru guztietan daude datuak. Merkatuko langileentzako edo inbertitzaileentzako datuen analisia, ekoizpen-kate handietatik lortutako datuen tratamendua, edo tokiko negozio bateko kontsumoko ohiturak ezagutzea hautagai onak izan daitezke BiscayApp-erako.

  • Energia

Energia bizitzako esparru guztietan dago, hala etxean nola enpresan. App mugikor baten xede izan daiteke, edozein esparrutatik abiatuta.

Nahi genuke harri eta zur geratzea enpresako edo etxeko baliabide energetikoen erabilera eraginkorragoa lortzeko app batekin, edo garapen iraunkorrari laguntza emateko edota eguneroko abiada ekologikoagoa izateko batekin.

  • Manufaktura aurreratua

4.0 industrian prozesu industrialak digitalizatzen dira, adimen artifizialaren eta makinen arteko interakzioaren bidez, eta baliabideak optimizatuz; horrek eragin duen eraldaketa erabat hauslea izan da.

4.0 industriaren berri baduzu eta app-aren ideia bat baduzu, manufaktura aurreratua ETEi nola hurbildu baldin badakizu, errealitate birtualaren munduan mugitzen bazara, teknologia medikuntzaren zerbitzuan jartzeko edota enpresa-lehiakortasuna handitzeko ideia bat baduzu, BiscayApp-ek aukera emango dizu jendaurrean erakusteko.

Informazio gehiago izateko, ikusi lehiaketaren webgune ofiziala: app.biscaytik.eu

Enpresa edo partikularra izan, gauzatze-bidean edo aaaituta egon, BiscayApp-ek aintzat hartzen ditu zure ideiak.