Albisteak

 

Irailaren 21ean, lehenengo bisita gidatua egin zen burdin hesiak Santa Mariñeko haitzetan zuen kokalekura, zehazki, berrikitan induskatutako egonlekuetara.

Bisita Santa Maria elizatik abiatu zen, eta haitzetako goialdera igo zen, seinaleztatutako ibilbidea erabiliz.

Gidari lanetan ibili ziren, batetik, Iñaki Libano, Edestiaurre fundazioko arkeologoa, Urdulizko elementuetan egindako indusketetako zuzendaria izan dena; eta, bestetik, Iratxe Uriguen, Orbelako kidea, “Gogora” Memoriaren Euskal Institutuarekin estuki lanean jarduten duena burdin hesiari balioa emateko, “memoriaren ibilbideetan zehar”. Horrela, lehenengoak hitz egin zigun kokalekuan azken hileotan egindako landa lan guztiari buruz; eta bigarrenak, laguntza eman zigun une haietan bizi izan zen testuinguru historikoan kokatzeko.

Libanok, ekainean, hitzaldi interesgarria eskaini zigun Kultur Etxean, eta han, indusketa lanen berri emateaz gain, drom batetik ateratako irudiak erakutsi zizkigun; eta hori ez ezik, kokaleku horretan zein beste batzuetan aurkitutako objektuen erakusketa txikia ere ekarri zuen.

Azpimarratzekoa da bai Iñakik bai Iratxek ezer kobratu gabe jardun zutela, baina Udalaren asmoa da honelako bisitaldiak aldian aldian egitea.

Horretarako, Udalak, dagoeneko, badu memoriaren ibilbidea, norabide seinaleekin eta azalpen hormirudiekin hornituta. Laster, triptiko bat argitaratuko du, eta bertan jasoko da Urdulizko burdin hesiari buruzko informazio garrantzitsu guztia. Gainera, badaukagu Memoriaren Parkea, non, duela hainbat urtetatik hona, Luis Mª Saituaren eskulturak ikus baititzakegu, frontera joan behar izan zuten gudariei dedikatuta.
Bai seinaleak, bai triptikoa diruz lagundu ditu “Gogora” Memoriaren Euskal Institutuak. Lehenengoa oso osorik; eta bigarrena, herena.