Albisteak

 

Euskadin, COVID-19 koronabirus kasuen intzidentzia gero eta handiagoa denez, eta eragindako pertsonen kopurua handitu daitekeelakoan, arreta sozio sanitarioa koordinatzeaz eta hornitzeaz arduratzen diren erakunde eta entitateek funtsezko alderdiak partekatu nahi dituzte gaixotasuna prebenitzeko eta tratatzeko neurriak modu koordinatuan lantzen jarraitzeko.

Euskadiko koronabirusen epidemiaren jarraipena egiteko eta horri aurre egiteko erakundeen arteko koordinazioa, Erakunde arteko Koordinazio Mahaiak garatzen du. Mahai horren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen martxoaren 9tik, eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako sailburuak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak, foru-aldundietako Gizarte politiketako eta Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Eudeleko presidentea.

Erakunde arteko Koordinazio Mahaiaren mende beste bi mahai daude: Eusko Jaurlaritzaren Sailarteko Mahai bat eta "Koronabirusen Jarraipen Mahai" bat. Azken hau Osasun Sailak eta Osakidetzak osatzen dute eta egunero biltzen dira.

Erakunde horiek pandemiari aurre egiteko jarduerak garatzen ari dira, sailen eta erakundeen arteko koordinazio sendoaren ildoan. Pandemia horren ondorioek osasun publikoaren esparrua gainditzen dute, eta euskal herritarren gizarte, lan eta ekonomia-dimentsioei eragiten diete.

Osasun Saila eta Osakidetza, Gaixotasun Berrien Aholku Batzordearekin eta Gertakari Planen Batzordearekin koordinatuta, urtarriletik ari dira jarduteko gomendioak eta esku-hartze espezifikoak garatzen. Etengabe eguneratzen dira, kutsatze berriak prebenitzeko eta kutsatutako pertsonak artatzeko.

Azken helburua da herritarren osasun arreta onena bermatzea, eta, gizarte eta osasun beharrak batera gertatzen badira, koordinazio egokia garatzea gizarte eta osasun-laguntzako eremuetako profesionalen artean.

Egungo egoeran, kolektibo ahulenak babestea, batez ere adinekoak, eta haien autonomia mugatuta dutenak (desgaitasuna dutenak, gaixotasun mentala dutenak, etab.) dira sistema sozio sanitarioaren lehentasunetako bat.

Helburu honekin, prebentziorako eta esku hartzeko gomendioak eta jarraibideak egiten dira. Etengabe eguneratzen dira, arreta sozio sanitarioko eremuetara, asistentzia-profesionaletara, arretaren subjektu diren pertsonetara eta zentro sozio sanitarioetako senide eta bisitariengana zuzenduta.

Eguneratze prozesu horren barruan, foru erakundeek, toki erakundeek eta/edo zentro kudeatzaileek Osasun Sailak eta Osakidetzak landutako edukiak egokitzen dituzte, kolektibo ahulenen babesa eta arreta bermatzeko.

COVID-19k, alderdi askotan (transmisio-bideak, morbi-hilkortasunaren datuak), gripearen birusen oso antzeko profila du. Horregatik, adin handieneko eta komorbilitatea duten pertsonak dira arrisku handiena dutenak infekzioa hartuz gero. Era berean, funtsezkoa da adineko pertsonak, ezinduak eta, oro har, mendekoak zaintzen dituzten kolektibo profesionalak babestea, bai sanitarioak, bai sozialak.

Informazio horrekin, Euskadiko Koordinazio Sozio sanitariotik erakundeen arteko konpromisoa, konpromiso profesionala eta zibikoa indartu nahi dugu, koronabirusaren epidemiari aurre egiteko

 Informazio gehiago (PDF 545KB)