Albisteak

 

Azken egunetan EAEn eman den kutsadura kopuru handitzearen ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, maskararen derrigorrezko erabileraren bitartez COVID-19aren transmisioa prebenitzeko hartu duen erabakiarekin bat etorriz, Urdulizko Udalak bat egin du segurtasun pertsonaleko neurriak indartzeko eta pandemiaren aurrean arreta ez jaisteko deiarekin.

Orain arte, urduliztar gehienen erantzuna arduratsua izan da. Izan ere, jokabide bikain horri esker gaur egun bizi dugun egoerara heltzea lortu dugu. Zenbait neurri bete behar ditugu, baina krisiaren lehenengo faseetako neurrietara heldu barik.

Une honetan, erantzukizunak horrela jarraitzea eskatzen digu, segurtasuna larregi lasaitzeko tentazioan erori barik. Hori dela eta, 2020. urte honetan jairik ez izaten ohitu behar dugu, ez behintzat orain arte ezagutzen genituenak bezalako jaiak. Ezin dugu onartu arreta faltak orain arte egindako lan guztia pikutara bidaltzea. Udalak, adierazi diguten bezala ikuspegi horrekin bat datozen jai batzordearen, ostalaritzaren eta beste kolektibo batzuen ulermena eta lankidetza eskertzen ditu.

Modu berean, ospakizun partikularrak errealitate berrira egokitu beharko dira. Talde batek arau hori apurtzea erabakitzen badu, bere inguruko guztiak arriskuan jartzen ari da, eta hori ezin dugu onartu.

Erantzukizunak guztiena izaten jarraitzen du. Orain, Urdulizen, beti maskararekin.