Albisteak

 

Urdulizko Jaiei buruz nork daki guk baino hobeto?

Uribe Kostako mankomunitatean, eta, gure kasuan, Urdulizko Udaletxeko berdintasun batzordean landu eta eztabaidatzen dira berdintasun arloari  dagozkion erabakiak; bertan, zinegotzi eta teknikariak soilik daudelarik.

Eta Urdulizko Udalaren ustez, Berdintasun arloko ekimenak, herrira eta herritarren zerbitzura egon behar dute. Horregatik, herritarren parte-hartzea bultzatu behar da, Urdulizko jaiak berdintasunean oinarritutakoak, inklusiboak, parte-hartzaileak eta indarkeria matxistarik gabekoak izan daitezen. Helburu horretara hurbiltzeko, Urdulizko jaien diagnostiko parte-hartzaileari ekin diogu, genero-ikuspegitik. Gure jaiak behatuko ditugu eta  etorkizuneko jaien gainean lan egiteko estrategiak bilatuko ditugu.

Urdulizko Jaien Diagnostiko parte-hartzailea genero ikuspegitik, zertarako?

Herriko jaien ospakizuna berdinzalea izan dadin, norabidearen gidari izango da diagnostikoa. Modu horretan, herriko jaiak berdintasunean ospatzearen helburua, azkarrago eta eraginkorrago suertatuko da.
 
Horretarako, diagnostikoaren ekintza nagusietako bat jaiei buruzko argazkien jarduera parte-hartzailea da, eta zuen argazkiak gurekin partekatzeko dei egiten dizuegu. Zuen etxean dituzuen Urdulizko festen argazkiak partekatzea da asmoa, dela familia-albumetan, dela ordenagailuan, dela telefonoan. Aurreko urteetako jaietako argazkiak, zaharrak zein sortu berriak.

Ondoren, Urduliztarrekin sare sozialen bidez partekatuko ditugu irudi hauek eta aurten ospatu ezin izango ditugun jaiak gogorarazten lagunduko digute. Aldi berean, jaiaren behaketa egiteko aukera emango digute.

Argazkien ekimen honetan parte hartuz, gizartea hobetzen lagunduko dugu, berdintasun handiagoko eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak izan daitezen.

Jaiak gogoratzeko bidali zure argazkiak
 
Covid 19ak sortutako osasun egoera dela eta, jaiak ospatzerik ez dagoen une honetan, albumetan edo ordenagailuetan ditugun argazkien bidez gure jaiak gogoratzeko aukera izango dugu. Eta era berean, Urdulizko jaien ospakizunaren urteroko esperientziak eta emozioak elkarbanatu eta partekatu ahal izango ditugu.
 
Hartarako, Errotik Kooperatibak, Genero ikuspegia duten jaien diagnostikoaz arduratuko den kooperatiba feministak, argazki (irudi) horiek sare sozialen bidez jaso eta partekatuko ditu Urdulizko jaien data esanguratsuenen bueltan; #UrdulizenJaiBerdinzaleak.
 
Argazkiak nola partekatu ditzakegu?
 
Azterlana Andra Mari jaiei buruzkoa izango da, baina, Santa Mariñe-ko jaietan ekingo diogu diagnostikoari.

Gaur hasi eta uztailaren 23ra arte bakoitzari egokien datorkion bidetik, zuen argazkiak helarazi:

  • Instagram edota Facebookera igoz: #UrdulizenJaiBerdinzaleak hashtag-a erabiliz.
  • Posta elektronikoz: urdulizenjaiberdinzaleak@urduliz.eus
  • Udaleko erregistrora eramanez: Formatu analogikoan edo digitalean.

Jaietako argazkiekin parte-hartzeko jarduera:

Erakutsi Urdulizek nola ospatu izan dituen tortilla txapelketak:

Zuk, noiztik ospatzen dituzu? Zeinekin? Zein izan da zure egitekoa patata-tortilla txapelketan?

Erakutsi nola ospatu izan duzun Santa Mariñe eguna:

Norekin egin duzu jaitsiera? Nola dantzatzen zaie aurreskua amatxuei? Noizbait egin al dizute omenaldirik amatxu izateagatik? Nolakoak ziren lehengo erromeriak? Nolakoak izaten dira Santa Mariñe aitzetako baselizapean egiten diren erromeriak?

Jaietako argazkien parte-hartze jardueraren OINARRIAK:

  1. Sare sozialetan eta kanal analogikoen bidez partekatzen dituzun argazkiak diagnostikorako erabiliko dira; Urdulizko jaien diagnostiko parte hartzailea genero ikuspegitik azterlanean.
  2. Partekatutako argazkiren bat kendu nahi izanez gero, helbide elektroniko honetara idatzi behar duzu: urdulizenjaiberdinzaleak@urduliz.eus.
  3. Jardueran parte hartzen duen pertsonak, argazkiren bat aurkezten duen momentuan ondorengoa  adierazten du: partekatzen dituen irudien ustiapen-eskubideen titularra dela eta eskubideen titularraren baimenarekin edota eskumenarekin gauzatzen duela parte-hartzea.
  4. Jardueran partekatzen diren argazkiren baten egileak irudi horiek kentzea nahi badu, mezu elektroniko bat bidali ahal izango du urdulizenjaiberdinzaleak@urduliz.eus helbidera, eta partekatutako irudiak azterlanetik kenduko dira.
  5. Egileak hala eskatuta, partekatutako irudiak azterlanetik edo sare sozialetatik kendu egingo dira.

Urduliztarrei, zuen argazki eta oroitzapenekin laguntzeko deia luzatzen dizuegu.

Eskerrik asko!