Albisteak

 

Dentsitate txikiko bizitegi-eremua izan arren, Krutzejada erdialdeko gunea da, eta bertatik jende asko ibiltzen da; eremu horren barruan daude jubilatuen etxea, mediku-kontsultategia, haur parke estali handi bat eta herriko plaza nagusietako bat, non, urtean zehar, jarduera, jai eta azoka asko egiten baitira. Inguru horren ertzetan, gainera, badira beste azpiegitura batzuk; besteak beste, Kultur Etxea, Haurreskola, Metroko geltokia eta herriko saltokiak.

Beraz, asko izango dira uda baino lehen amaitu zen hirigintza-proiektu honen onuradunak. Hirigintza-berrantolaketa baten bidez, berreskuratu nahi izan da ingurua, eta, horri esker, handitu ahal izan da aparkalekuen kopurua, lotura egin da bidegorriko zati berri batekin, eta, aukera baliatuz, irisgarritasun baldintza hobeetara egokitu da urbanizazioa.

Egindako lanei bidez, berritu egin da oinezkoentzako zoladura, zahar baitzegoen, eta irisgarritasun hobea ezarri da urbanizazioan: espaloien azalera erabilgarria handituz, espaloiak eurak handituz, edo zapaltzeko moduko zuhaitz txorkoak jarriz. Oinezkoentzako pasabideetan, bideraino eraman da espaloia, eta, horrela, segurtasun handiagoa eman zaie inguru horiei. Horrekin batera, egokitu egin dira oinezkoentzako pasabideak, irisgarritasun arauteriaren arabera jarriz (neurriak, maldak eta zoladura iragarlea). Eta, azkenik, hainbat jesarleku jarri dira, irisgarritasun irizpideen arabera diseinatuak.

Obra osoaren aurrekontua 566.191,28.-€koa da (BEZ barne).

Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak, 2019an, 44.915,33- €-ko diru-laguntza eman zion Udalari, obra gauzatzeko, eta horri gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hiri-inguruneko irisgarritasuna bermatzeko emandako 233.963,34 €-ko diru laguntza. Azken hau ere 2019an eskatu zen, eta 2020ko lehen hiruhilekoan jakinarazi digute ebazpena.